2014(e)ko maiatzaren 12(a), astelehena

HEZURRIK GABEKO HEZURDURA

Hileetan zehar entseguetan abestiak behin eta berriz entzunda eduki arren, ederra da grabaketan elementu desberdinak gehituz kantuak nola osatzen diren eta nola aldatzen diren ikustea. Ostiralean ezer gabe hasi, eta igande gauerako hezurdura osatuta zegoen. Garik goiza probestu zuen baxuak grabatzeko. Arazo handirik gabe, lasaitasun osoz egin zituen lanak. Gari mundutik zarata asko egin gabe mugitzen den tipo horietako bat da, handikeriarik gabe bere zereginak bikain betetzen dituen morroia, inori enbarazu egin gabe, besteak konturatu orduko egin beharrekoa eginda utzi eta ilunpera itzuli den itxura arrunteko super-gizona. Bapo bazkaldu ondoren Alexek kitarra akustikoa hartu eta gaueko hamarrak bitartean oinarrizko kitarrak grabatu zituen. Modu honetan, asteburu bakarrean kantuen funtsezko egitura antolatuta uztea lortu dugu. Hurrengo asteetan gainerako kitarrak eta ahotsak egin beharko ditugu, eta bukatzeko, konponketa eta detaile guztiak ekainean sartu orduko.