2015(e)ko ekainaren 2(a), asteartea

"OINUTSIK" KALEAN DA

3 urteko prozesu luzearen ondoren "Oinutsik" gure 4. diska kaleratu berri dugu. Kopia fisiko gutxi batzuk egin ditugu nostalgikoenentzat, eta deskarga librean jarri dugu bandcamp zein soundcloud plataformetan. Hurrengo loturan diska osoa doan eskuratu ahal izango duzue. http://noizeanbehin.bandcamp.com/album/oinutsik Gure ibilbidean zehar sortutako 9 abesti berrinterpretatu ditugu ikuspuntu guztiz desberdin batetik. Abestien jatorrizko bertsioak ezagutzen dituzuenontzako, emaitza behintzat bitxia izango da.

2015(e)ko maiatzaren 28(a), osteguna

BIGARREN AURRERAPENA

"Oinutsik" diskaren eduki osoa ezagutzera eman baino lehen bigarren abesti bat aurreratu dugu. "Hitzik ez dago" kantuarekin egin bezala, "Lerro zuzenak" ere entzun eta debalde deskargatzeko aukera daukazue. Laster gainontzekoak ere eskuragarri egongo dira.

2015(e)ko maiatzaren 8(a), ostirala

"HITZIK EZ DAGO" AURRERAPEN ABESTIA

Denbora luzez gure disko akustikoari buruz hitz egiten ibili ondoren heldu da ordua emaitza argitara ematen hasteko. Kopia fisikoak fabrikatik heldu bitartean, "Oinutsik", gure laugarren lana irekitzen duen abestia aurreratu dugu, "Hitzik ez dago". Abesti honen jatorrizko bertsioa 2007ko "Arazi" diskoan aurki daiteke, eta ikusi daitekeenez itxuraldatze ederra eman diogu. Izan ere azken lan honetan bildutako 9 abestiak gure ibilbide osoan zehar sortutakoen bertsio sasi-akustikoak dira.

2014(e)ko urriaren 27(a), astelehena

OINUTSIK

Prozesu benetan luze baten ondoren (luzeegia agian), gure lan berriari azken ikutuak ematen ari gatzaizkio. Nahasketak ia bukatutzat eman genituen aurreko astean, eta diseinua edo edizioa bezalako kontuekin aritu gara bueltaka. "Oinutsik" izenburupean, gure 9 abestiren bermoldaketa sasi-akustikoak bilduko ditugu lan berrian. Bilduma hau Abendurako eskuragarri egongo da interneten bidez deskargatzeko, eta fetitxistenentzat kopia fisiko gutxi batzuk ere argitaratuko ditugu. Hauxe izango da kantu zerrenda: Bide berdeetatik Bihar Hariak Hitzik ez dago Inertzia Lerro zuzenak Puzzle Saiak biraka Zurekin banago

2014(e)ko irailaren 13(a), larunbata

NAHASMENA

Uda joan da ta. Beno, oraindik ez, baina ikasturte berria hasi da jada. Honekin batera guk ere abuztuan zehar alde batera utzitako zereginak berreskuratu ditugu. Izan ere, bai, grabaketa batekin aritu gara esku artean. Nahasketen prozesuan sartu gara jada. Grabaketa bera, lan berri bat egitearen zati oso garrantzitsua da (lelokeri ederra oraintxe bota duguna!), baina grabatutako guzti hori bere lekuan jartzea ere ez da kontu makala. Nahasketetan egindako lanaren arabera, izugarri alda daiteke aldez aurretik grabatutakoa. Beraz patxadaz, mimo handiz eta gauzak argi izanda egin beharreko gauza da. Oraingo honetan ere Alexek berak hartuko du bere gain ardura hori. Momentuz oinarrizko nahasketa bat prest du eta hurrengo asteetan ahotsak lantzeari ekingo dio. Prozesu osoaren bukaera gero eta hurbilago, jada hasi gara diseinua, edizioa, promozioa eta bestelako buruhausteak mahaigaineratzen.

2014(e)ko abuztuaren 21(a), osteguna

HORRELAKOENGATIK, MEREZI DU

Urtebete joan da jada. Bilboko Aste Nagusian murgildurik, Algara Konpartsak Iparralde Eguna antolatzen du urtero, eta iaztik, Bilbo Hiria Irratiko Artayorran saiokoek, musika eta farandula mundu honetako hainbat lagun gonbidatzen dituzte bertan egiten den bazkarira. Irudia bitxia da. Izan ere askok elkar ezagutzen dugu/dute, baina ez da zaila ondoan daukazunarekin ordura arte inolako harremanik eduki ez izatea. Orain urtebete esaterako, Amaia Zubiria eta Antton Valverde izan genituen mahaikide. Aurten Morauren ondoan bazkaltzea suertatu zaigu. Eta ezagutu ez arren, agian berriz sekula ikusi ez arren, lehenengo segundutik bada tratuan halako konfidantza, aldez auretik halako joera izate bat, halako irribarrea ezin kentze bat. Giroa da hori. Eta horrexek egiten du besteak beste egun hau berezi. Azken urteetan udak guretzat suposatzen duen hiato honetan, musika munduaren eguneroko gure beste errealitate honetatik, egun hau eskertzekoa da.

2014(e)ko uztailaren 22(a), asteartea

ESPERIMENTAZIOAREN MARATOIA

Luzeak izan dira azken bi igandeak. Lehena ahotsak grabatzen eman genuen. Hurrengoa aldiz, konponketa eta detaile guztiak egiten. Esperimentaziorako unea izaten da hau. Ordurako musika guztia grabatuta dago, melodiak finkatuta, ahotsak eginda, eta nolabait guzti honi lagunduko dien detaileak gehitzean datza. Territorio librea da hau, ez dago mugarik. Ohiko instrumentuak ezohiko moduan erabiltzeko aukera dago, ezohiko instrumentuekin saiatzeko momentua izan daiteke, edota zerikusirik ez duten elementuak gehitzeko ahalegina egin daiteke. Beti ere abestiaren mesedetan. Estribilloak indartu, detaile politak gehitu, melodiei lagundu eta zati zehatzak nabarmentzeko hainbat kapa erantsi dizkiegu guk kantuoi. Orain gauza bakoitza bere lekuan jartzea tokatzen da, elementu bakoitzari bere espazioa bilatzea eta denak behar duen oreka izan dezala. Ez da lan erraza eta beraz luze jo dezakeen arren, amaiera gero eta gertuago daukagu.