2014(e)ko uztailaren 22(a), asteartea
ESPERIMENTAZIOAREN MARATOIA
Luzeak izan dira azken bi igandeak. Lehena ahotsak grabatzen eman genuen. Hurrengoa aldiz, konponketa eta detaile guztiak egiten. Esperimentaziorako unea izaten da hau. Ordurako musika guztia grabatuta dago, melodiak finkatuta, ahotsak eginda, eta nolabait guzti honi lagunduko dien detaileak gehitzean datza. Territorio librea da hau, ez dago mugarik. Ohiko instrumentuak ezohiko moduan erabiltzeko aukera dago, ezohiko instrumentuekin saiatzeko momentua izan daiteke, edota zerikusirik ez duten elementuak gehitzeko ahalegina egin daiteke. Beti ere abestiaren mesedetan. Estribilloak indartu, detaile politak gehitu, melodiei lagundu eta zati zehatzak nabarmentzeko hainbat kapa erantsi dizkiegu guk kantuoi. Orain gauza bakoitza bere lekuan jartzea tokatzen da, elementu bakoitzari bere espazioa bilatzea eta denak behar duen oreka izan dezala. Ez da lan erraza eta beraz luze jo dezakeen arren, amaiera gero eta gertuago daukagu.