2014(e)ko maiatzaren 10(a), larunbata
HASIERATIK HAS GAITEZEN
Gezurra badirudi ere hemen gaude, lokalean, botoi gorria sakatu dugu eta oraingo honetan benetan da, grabaketa martxan da. Hau goi mailako estudio bat ez bada ere, gauzak ganoraz egitea gustatzen zaigu, ahal den neurrian behintzat, eta horretarako ingurukoen laguntza beti izan da ezinbestekoa. Oraingo honetan ere taldearen aspaldiko lagunak beharrezko dugun materiala lortzeko oso garrantzitsuak izan dira. Alex adiskide dugu urte askotatik. Argi teknikari gisa makinatxo bat aldiz aritu da gurekin besteak beste. Oraingo honetan mikro ederrak lortu dizkigu. Julen ere lagunmina da, Biok taldearekin ezagutu genuenetik (badira urtetxo batzuk) harreman bikaina mantendu dugu. Bere kitarra akustikoa utzi digu oraingo honetan. "Julian" ere betidanik izan dugu ondoan. Herriko laguna berau, bai Pog Mo Thonen lehenengo eta Eron orain, paraleloan ibili gara beti musika munduan, baita askotan gurutzatu ere. Anderren txastona eustekoak atal bat apurtuta dauka eta zarata desatsegina egiten duenez, beronek utziko digu berea.
Makilak txikitzen hasi aurretik ordea, bada lan gehiago ere, eta horretan aritu gara gaur. Anderrek eroso grabatu dezan gidak grabatzen hain zuzen ere. Bateriarekin froga batzuk egin eta hurrengo egunerako dena prest utzi. Orain bai!