2013(e)ko abuztuaren 27(a), asteartea

UDAN JAI

Azken aldian desagerturik gabiltza. Jendeak galdetuta, harritu egiten dira ezetz, ez dugula taldea utzi eta martxan jarraitzen dugula aitortzen dugunean. Badakizue, urte gora beheratsua daramagula, lokal berria bilatu beharra, lana, lan eza, arazo pertsonalak, Ibaik eskua apurtu zuen... nahi gabe izan bada ere, esan dezagun udan oporrak hartu ditugula. Batzutan zerbaiten faltak eragiten du haren garrantziaz ohartaraztea, eta taldearen kasuan, horrela izan ohi da. Bilboko Aste Nagusian, "Artayorran baño yantzan obetó" irratsaioko lagunak gurekin gogoratu ziren eta Algara Konpartsak urtero antolatu ohi duen Iparralde Egunera gonbidatu gintuzten beste hainbat musikarirekin batera. Bazkari ederraz gozatu genuen Ero, Belako, PiLT, Lisabo, Gatibu, Jare, Siroka, Seiurte eta beste hainbat taldeetako kide eta bakarlarirekin. Gauean Belako eta Willis Drummondek eskeini zuten kontzertuan izerdi apur bat bota genuen, eta aspaldiko partez bat egin genuen berriz ere hirurok. Urte batzuk atzera eginez, guk geuk antolatutako Urondofesteko izpiritua etorri zitzaigun burura. Giro bikaina sortu zen eta parranda ederra egin genuen egunsentiraino. Horrelakoek animoa pizten dute. Uda bukatuz doa, eta guk ere gure errutinara itzuli beharko dugu. Gogotsu, hori bai. Akustikoaren proiektuari ekingo diogu berriz ere, eta arazoak arazo, gauzak bide onetik badoaz gure berri izango duzue sarriago.