2012(e)ko irailaren 7(a), ostirala

UDA GAMIZEN BUKATZEN DA

Goizeko 7retan jotzen du erlojuak. Gaurkoan ordea begiak zabalik nituela itxaron dut alarma hotsa. Larri nagoenean ordua baino lehenago esnatzen naiz berez, eta gaur kontzertu eguna da. Gainera azken asteak gorabeheratsuak izan dira lan kontuak eta beste hainbat konpromiso direla eta. Gaur bi kontu nagusi eukiko ditut buruan bueltaka. 8 edo 9 orduz lana, eta egun guztian zehar gaueko kontzertua. Denbora luzez aritu gara entsaiatu ezinik, eta aste honetan behin geratzea lortu dugu. Ezusteko kontzertua izan da nolabait gaur eman behar duguna, guk amaitutzat ematen genituen udako emanaldiak, oraingoan hasi egin ez bagara ere. Lokalean egin ez duguna, buru barruan egiten emango dut eguna, nahi gabe. Kantu guztiak buruz errepasatzen ibiliko naiz, nire zereginak burutu artean, ziur. Zorte apur batekin, gaur orduan irtengo naiz, arrapaladan, azken uneko marroirik ez bada behintzat. Traste guztiak batu, furgoneta kargatu eta arratsaldeko 7retan Gamizen egon behar gara. Baliteke zertxobait berandu iristea presaka aritu arren. Baina berdin dio, ziurrenik froga egin ahal izateko itxaron beharko dugu eta. Gero kontzertua eman arteko ordu hilak datoz. Gaurkoan ondo, ez dugu oso berandu joko ere ez, eta uste dut afaria ere badugula. Beraz terapia apur bat egingo dugu afalostean. Kontzertua laburra izango da, eta dena batu ondoren tragu batzuk edango ditugu, terapia berriz ere. Oharkabean ia taldearen ibilbidean beste etapa bat erretzera goazela uste dut. Uda guretzako gaur amaituko da, ez da beste kontzerturik begibistan. Akustikoa lantzeko asmoa ere hor dago, eta sinestu ez arren, bada urte eta erdi "Errautsez urrats" EPa kaleratu genuenetik. Gainera lokala utzi eta beste nonbaitera joan beharra dugu, eta maila pertsonalean ere aldaketa ugari izan ditugu berriki. Beraz, badirudi baietz, berriz ere garagardo batzuekin jesarri eta eman beharreko hurrengo urratsei buruz hitz egiteko unea iritsi zaigula.