2012(e)ko abuztuaren 13(a), astelehena

ARAZI: ESTUDIO EGUNAK

Orain 5 urte, egun hauetan Lamiña estudioan sartuta geunden "Arazi", gure bigarren lana izango zena grabatzen. Lehenengo diskoaren aurkezpen biraren azken txanpan, epe laburrean idatzitako abesti sortarekin sartu ginen estudiora, arrapaladan. Denbora gutxira bete betean harrapatu gintuzten inertzien aurkako borrokarako deia zen disko hura, gure buruekiko mezu bat nolabait. Grabaketa arina izan zen, halabeharrez, maniobretarako tarte gutxirekin. Norabaiterako bidean, une zehatz bat geldiarazi nahi izan zuen diskoa irten zitzaigun, argazki mugitu bat bailitzan. Denborak ematen duen perspektibaz ikusita, material hori are gehiago garatzeko denbora ez izatearen penarekin gelditu gara. Gainera garai gogorrak etorri ziren gero guretzako, baina orokorrean oroitzapenak onak ditugu, "Arazi" erronka garrantzitsua izan zen gure ibilbidean, eta xarma handiko lana da guretzako. Egunotan, grabaketako gora-beherak biltzen dituen bideo bat berreskuratu dugu, hemen ikus dezakezuena.