19:00tarako Alexek denbora luzea zeraman ilunpetan, Hoon taldekoei eginiko grabaketaren behin behineko nahasketa lasai lasai entzuten. Ander ere, igandeko aje eta guzti, behingoagatik orduan heldu da eta laster batean apurtu diogu lasaitasuna. Gaurkoan beste lan astun bat izan dugu. Hurrengo asteburuan bateriak grabatzeari ekingo diogu eta horretarako lokala atondu beharra genuen. Bateria lokalean erarik egokienean kokatu behar da, mikroak arazorik gabe jarri ahal izateko, eta soinua ahalik eta onena izan dadin. Zementuzko horma biluziak ere nola edo hala isolatu behar ziren, errebotea ezin bait da itsusiagoa izan. Badakigu gure baliabideekin soinu ona lortzea urrun gelditzen dela, baina gutxienez saiatuko gara ahalik eta argi eta txukunena grabatzen.
Bada, gure Diogenesen sindromea hankaz gora jarri eta hainbat gauza lekuz aldatu eta mugitu behar izan ditugu, pisutsuak denak, noski. Pog Mo Thon taldeko Julenek utzitako tinbal basea eta 20"ko platoa ere frogatu ditugu. Astokeri ederra "Julian"en Zildjian hori; minutu pare batetan gortu gaitu. Gehiegi guretzako.
Hormetan koltxoiak jartzen ari ginela izeko Leixu ere etorri zaigu Niletxorekin, gure abestiekin burua astindu ezik dantzatzeko gai den bakarra azken hau. Baina musika ez, zarata egiten omen dugu orain berak dioenez, eta Otsoa eta Beldurgarriak aurkitzearekin arduratuago egon da gure zentzugabeko tetrisarekin baino. Bakoitza bere buruhausteekin.
Gutxi gora beherako soluzio primarioak aurkitu ditugu grabatzen hasteko, eta 22:00ak inguruan etxera joatea erabaki dugu, astelehena laster dator eta.