Ordubete eman dugu Sovtekaren soinua fintzen, eta Gibson Explorerra edo SGa, zein erabili erabakitzeko gai izan gabe. Beñat PogMoren Bogner pantallara entxufatu dugu zuzenean, gure Marshallak frogatu ere egin gabe. Audio Technica bat, Shure SM58 bat, eta Biok taldeko Unaik utzitako Senheiser e906 bat erabili ditugu, eta Ibanezen TS9 pedal bat anpliaren distortsioa zertxobait argitzeko. Azkenean SGa hartu eta bazkalordurako kantu guztietako oinarrizko kitarrak eginak zeuden. Ipurdia erabat ireki zaigu eta Alex etxera joan da Gibson Las Paularen bila, arratsaldean berriz ere kitarrak beste soini batekin grabatzeko.
Ordu betean sabela bete eta lokalera itzuli gara, esan bezala Les Paula astintzeko asmoz, baina Bogner Uberschallarekin hau. Sovtek anpliarekin lortutako soinu rockeroari, kitarra zorrotz eta metalikoago bat gehitu nahi genion. Ez gara Bognerrari soinu hori ateratzeko gai izan ordea, eta buruan genuen ideia moldatu behar izan dugu. Jada egindakoari osagarria zaion soinua lortu dugu, eta emaitza iluna eta gordina da. Errez egin ditugu kitarra hauek ere bai, nahiz eta azkeneko kantuko zati madarikatu batekin izerdi ederrak bota. Mekauendios batzuk irentsi, arnasa sakon hartu eta aurrera.
Asteburu bakarrean baxuak eta oinarrizko kitarrak gainetik kendu ditugu. Oraindik ere kitarra garbiak, ahotsak (ahotsak!), konponketak etabar luze bat gelditzen dira, baina kantuak forma hartzen hasi dira, eta gaurkoan astindu ederra eman diogun arren buruari (bolumen basatia) eta baita gorputzari ere (hainbeste ordu), abestiak behin eta berriz entzungo genituzke.