
Hiru egunetan ibili gara aurtengoan Durango aldetik, azken aldian azokari ateratzen diogun alderik onenaz gozatzen. Maite dugu lagun artean kale haietatik ibiltzea, eta bai Landako guneko kaleetan edo herriko kaleetan zehar miresten ditugunak beste guztiekin batera ikustea.
Salerosketari dagokionez, Durangoko eredua zertan bihurtzen ari den, edo zertan bihurtu den jada, kostata ulertzen dugu. Nola liteke, bitartekariak kenduta produktuen balioa berdina izatea edota are gehiago puztea ere? Eta beste alde batetik, hainbeste erreferentzia berriren artean, zergatik hain gutxik piztu dute gure interesa? Katalogo zaharrak prezio eskuragarrian berreskuratzeak begiak argitu dizkigu gehien, dudarik gabe. Gaztelupekok eta bereziki Metakek oraindik orain ahalegin hori egitea goraipatzen dugu, eta hauen stocka amaituz doala ikusteak, jada disko batzuk aurkitzea ezinezkoa dela baieztatzeak, tristura eta poza dakarzkigu dosi berberean. Zorionak Entzun! aldizkariaren ekimenari eta LPen alde egiten ari diren guztiei; lan txukunekin arreta deitzea lortu dute.
Beste zerbaiten bila ari ginen.