
Basauriko Txarraska Gaztetxean emandako kontzertua begibistan gelditzen zitzaigun azkena eta bakarra zen. Gernikarrekin bete beharreko zor/konpromezu bat dugu oraindik ere airean, baina horrelako salbuespenez gain kostata ikusiko gaituzue taula gainean hurrengo hilabeteetan, arrazoi desberdinak direla medio.
Alde batetik, taldearen egoera ekonomikoa ez da batere ona; hasiera batetik taldekideen gain hartu ditugu sarritan NOIZEANBEHINekin egindako apustu zehatzak, bakoitzaren materialetik haratago diskoen grabaketak, edizioa, promozioa etabar kasu. Taldearen norabideak eta errealitateak baina, autogestioa bideratzea zail jarri izan digute. Gaur egunean zorrak kitatu ditugu, baina ez daukagu errekurtsorik, likideziarik, eta honek pausuak ematen jarraitzeko orduan izugarri mugatzen gaitu, bai lan berri bat grabatzerako orduan eta baita kontzertuak eskaintzerako orduan ere bai. Izan ere gutxi dira jotzeko ditugun aukerak, eta are gutxiago baldintza minimo batzuk bermatzen dizkigutenak. Ez ditugu kontzertuak eskaintzen irabazi ekonomikoak lortzeko helburuarekin, baina ezin dugu galerarik gure gain hartu ere ez. Taldearen baliabideak itotzen ditugu eta gu geu erre egiten gara.
Beste alde batetik, urteak dira taldearekin gabiltzala. 18 urte inguru genituela hasi ginen honekin, eta urteotan batera hazi gara. Ikasi egin dugu, lan egin, bidaiatu, haserretu, mozkortu, hitz egin, konpartitu, negar egin etabar luze bat, azken batean, bata bestearen bizitzaren parte eta lekuko bihurtu gara ezinbestean. Testuinguru hori izugarri aldatu zaigu gutariko bakoitzari tarte honetan, bestelako konpromezu batzuk hartu behar izan ditugu, lehentasunak aldatu egin zaizkigu, eskarmentu handiagoa dugu eta finean taldeak beste esanahi bat hartu du guretzako, lehen baino askoz ere sakonagoa. Zoritxarrez denborak gure aurka jolasten du eta ulergaitza zaigun arren, betebehar desberdinekin pertsona izugarri lanpetuak gara. Ezin diogu beraz taldeari nahi eta behar beste denbora eskeini, eta ez gara fronte guztietan gustatuko litzaiguken moduan erantzuteko gai.
Hortaz, ez da kontzienteki eztabaidatu eta hartutako erabaki bat, baina hurrengo hilabeteotan kantu berriak sortu eta atontzean buru belarri arituko garelakoan gaude, zuzenean aritzeko aukerei aldez aurretik muzinik egin ez arren.
Ikusi edo... entzun arte!