2008(e)ko martxoaren 19(a), asteazkena

'DISKOA ESTIMULUA IZAN DA GURETZAT'

KANTU LANDUAGO ETA ERAGINKORREKIN OSATU DUTE NOIZEAN BEHIN BIZKAITARREK 'ARAZI' BIGARREN DISKOA

Bi urtean bi disko. Noizean Behin taldekoek ez dute denborarekin jolas egiten. Arazi izena jarri diote bigarren lanari eta jauzi nabarmena egin dute, kantu landuagoak eta lelo egokiagoak. Rockaren eta metalaren arteko mugan aurki daitezkeen zenbait eragin barneratu dizkiote. Baina mugarik ez da musikan, ezta proposamen kontuetan ere. Eskuak zabalik dauzkate eta eragingarri izan nahi dute, Noizean Behin baino gehiago direla aditzera eman. Arkatz bati balioa eman diote: arazteko, parte hartzeko. Hona hemen arkatz horrekin emandako erantzunak.
1 Inoiz kontatu ez nizkizunak lehen diskoa atera, kontzertuak eman, abesti berriak konposatu, grabatu eta disko berria kalean. Etenik izan al duzue?
Guztira ia bi urte igaro dira, baina ziztu bizian joan zaizkigu. Barrura begira, ordea, asko ikasi dugu. Tarte honetan, 45 kontzertu inguru eskaini ditugu, talde askorekin, egoera eta leku askotan, eta horrek zabaldu egin gaitu. Esperientzia horiek nola edo hala ateratzen hasi behar genuen, eta erronka berriak ezarri gure buruari. Denbora faltak eta epe estuek estutu egin gaituzte ahal izan dugun guztia eskaintzeko, eta horrek badu isla Arazi diskoan. Lana esku artera heldu zaigun arte ez dugu atsedenik izan.
2 Arazi izena darama bigarren lan honek. Eslogan gisakoa da. Baina zein esanahi eman nahi izan diozue?
Diskoa estimulu bat izan da guretzat, eta horixe helarazi nahi diogu jendeari. Ez da agindu bat inolaz ere, dei bat da, pizgarri bat akaso, irudimena erabiltzeko, gauzak dudan jartzen ausartzeko, zerbait egiteko... Baina mezu honekin ezin dugu esanahia itxi. Hartzaileak interpretatu eta osatu behar du.
3 Hamar kantu. Rock-metal eremuan kokatzen direnak, baina ukitu zeharo desberdinekin. Melodikoak, gordinak eta zainduak. Esfortzu handi baten emaitza?
Oso gustuko dugu musika egitea, eta, hortaz, zama arina da, baina lan handia dago emaitza honen atzean. Presiopean eraginkorragoak gara, zoritxarrez, eta oraingoan dezente izan dugu. Erronka berriak jarri dizkiogu geure buruari, gauzak beste era batera egin nahi izan ditugu. Bagenekien atera beharrekoak desberdina izan behar zuela, eta gure muga propioak, era guztietakoak, gehixeago zabaldu ditugu.
4 Rock, metal, stoner... Horrela deskribatu zaituztete diskoetxekoek. Egia esan, rock-metal taldeen fenomenoa dezente hedatu da gurean eta zuek badituzue detaile bereziak. Hala ere, eragin aldetik PiLT zahar zein berrien kutsua nabari da abesti batzuetan... edo ez?
PiLT hurbilekoak ditugu eta hasieratik ezagutu eta miretsi izan ditugu. Denbora, 3 eta Minus diskoetan grabaturik utzi zutena izugarria da. Sekula ez da masa talde bat izan, eta horrek ere seguruenik haien unibertso berezi hori elikatzen lagundu du. Musikari apartak izateaz gain, berritzaileak izan dira, eta beti euren burua gainditzen saiatu izan dira. Agian zerbait itsatsi zaigu.
5 Ziur ez duzuela talde bat gehiago izateko asmorik...
Hori pentsatu nahi dugu. Saiatzen gara, behintzat, gauzak gure erara egiten, gure nortasuna aurkitzen eta eraikitzen. Oraindik asko dugu ikasteko eta bizitzeko, eta ziur gaude gehiago egiteko gai garela.
6 Kanpotik begiratuta, ordea, hiru ezaugarri nabarmendu daitezke: grabazioa, masterizazioa eta diseinua. Goazen pixkanaka. Grabazioa berriro Mungiako Lamiña estudioetan egin duzue, Natxo Libertyrekin batera. Badirudi Natxoren lana agertzen ari dela Euskal Herriko taldeetan.
Aurreko diskorako urtebeteko lanketa egin genuen Natxorekin, eta harreman oso ona sortu zen. gainera, ekoizle eta teknikari modura oso ona deritzogu, eta Lamiña estudioan tresneria izugarria dauka. Gurekin buru-belarri inplikatu izan da, eta aurreko esperientziarekin, argi genuen Natxo behar genuela gure ideiak borobiltzeko. Urte batzuk daramatza jada estudioan eta gauzak gero eta hobeto egiten ari da.
7 Masterizazio lana urrun egin duzue: Kanadan. Dave Horrocks soinu teknikariak egin du lana, Infinite Wave estudioetan. Zer dela eta? Izen bat gehitzeko diskoari edo profesionaltasunaren bila?
Natxok lehendik ere ezagutzen zuen Horrocksen esku ona, eta grabazioan lortutako emaitza ikusirik, haren ustez merezi zuen, kapritxo modura bazen ere, soinua borobiltzeko azken ukitu hori ematea. Haren erabaki eta proposamenekin konfiantza handia dugu, eta Kanadakoa aukeratu aurretik, guztira 3 masterizazio proba entzun genituen. Gainontzekoak ez ziren gai guk bidalitakoari ezer gehitzeko; Daven lana, ordea, nabarmendu egiten zen.
8 Diskoak zerbait deigarria badu, hori diseinua da. Kartoizko estalkia, diskoaren kaxa biluzia eta arkatz famatua. Izango du bere zentzua.
Diskoa ezin genuen herren utzi diseinuaren aldetik, eta Igotz Ziarretarengana jo genuen, lan txukun bat egiteko. Diskoaren kontzeptuaren inguruko burutapen guztiak azaldu eta zenbait ideia proposatu genizkion. Emaitza berak diskoaren mezuaz egin duen interpretazioa da, eta uste dugu helarazi nahi genuena ezin hobeto islatu duela. Diseinuak hartzaileak guztiz barneraturik dauzkan ohiko hainbat eskema apurtzen ditu, eta ekarpena bere egiteko aukera eta tresnak eskaintzen dizkio. Gainera, estetika hutsari erreparatuz gero, txukuna eta eraginkorra da. Horretan Josu Torrealdayren argazkiek ere zerikusi handia izan dute.
9 Compact Disc delakoaren etorkizuna kolokan dagoela diote. Akaso diseinuarekin jolastea teknika egokia da euskarriak irauteko?
Ikusten da euskarri modura indarra galtzen ari dela, batez ere produktu gisa ulertuta. Baina zalantzan jar dezakegu hilik ote dagoen ala ez. Oraindik nahiko lotuta gaude formatu honetara, eta beste era batera begiratuta, egitura herdoilduak berritzeko gaitasuna oraindik badagoela argi dago.
10 Disko honekin ere, Baga Biga diskoetxearen babesa izan duzue. Garrantzitsua da laguntza izatea edo posible ikusten duzue aurrera begira autoekoizpenean ere ondo aritzea?
Musika mundua eta ezinbestean loturik dakarren musika industria aldaketa prozesu baten murgildurik daude. Denok ikusten dugu mugitzen ari dela, baina ez daukagu argi nora. Bitartean aukera asko ari dira sortzen, eta orain arte bide bakarra egon izan den lekuetan, bidezidor ugari zabaldu dira. Gure errealitaterako esango nuke autoekoizpena dela eredurik zentzuzkoena, baina oraindik posible zaigun artean, Baga-Biga diskoetxearen laguntza eskertuko dugu. Harremana oso zuzena eta hurbilekoa da, konfiantzako jendea dugu eta buruhauste asko kentzen dizkigute.
11 Amaitzeko, abesti batean diozuen bezala, zergatik zabaldu besoak etorkizunari ?
Iraganetik ateratzen dugun irakaspenik argiena zera delako, ikasten jarraitu behar dugula aurrera egiteko, eta hori da gure xedea. Haratago joateko gai ez garenean, honek zentzua galduko du.



DISEINUAREN IRAULTZA
Azken boladan, disko hutsetik haratago joateko, diseinuaren indarra baliatu dute hainbat taldek. Noizean Behin taldeak, esaterako, gauza deigarria egin du Arazi lanaren mamia biltzeko. Diseinua: Igotz Ziarreta (deabruk.com estud!oa)

Matraka 2008ko urtarrilaren 9tik 15era

1 iruzkin:

Unknown erabiltzaileak esan du...

Bueno, bueno, bueno, 2 hile hortik ta ya figura batzuk zarie eh???ta gero herrien ezer barririk pasten ez dalakoa dinozue danok. Holan segidu mutilek!!!ta ia bueltan noanean tragutxu batzuk hartzeko lotuten garan...dana dala, Londresetik be trikipoteoa organizetan gabiltzez Soho aldetik (ez da broma)jaja. Bakizue, si Mahoma no va a la montaña, la montaña va a Mahoma...asiq esan beharrik ez hemetik bazatozie ondo tratako jatzuela, etxe ta guzti!!!!Mosutxu bet